
Duela 20 urtetik, ikastetxeetan teknologia berriekin egiten da lan modu batera edo bestera; ordenagailuak iritsi zirenetik, batez ere. Halere, azken urte hauetan orokortu da haien erabilera, Premia Plana iritsi denetik. Une honetan, Autonomia Erkidegoko eskola, ikastetxe eta institutu guztiek sarean konektatuta dauden eta kasu gehienetan Interneterako ADSL sarbidea duten ordenagailuak dituzte.
Egoera berri hori zoragarria da irakasle askorentzat, estrategia didaktiko berri horiek ikasleekin beste era bateko harremana izaten eta irakaskuntza-/ikaskuntza-prozesua hobetzen lagun diezaieketela antzematen dutelako. Hala eta guztiz ere, beste batzuk kezkatuta daude, batbatean ezezaguna zaien teknologia bat aurrean topatu dutelako eta, gainera, gizarteak teknologia hori erabiltzera bultzatzen dituelako.
Hezkuntza Administrazioak badaki gure ikasgeletan jada horren berriak ez diren teknologia horiek sartzeko irakasleen prestakuntza gehiago sustatu behar dela eta, gainera, eredutzat hartu ahal izango diren lan-proposamenak aurkeztu behar direla.
Proposamen horietako asko, ordea, ez daude tiradera batean sartuta guk atera eta banatzeko zain. Proposamen horiek irakasleen esku daude, eta irakasleak, pixkanaka, teknologia horiek kontrolatzen ari dira eguneroko irakaskuntza-zereginean integratzeko. Teknologia horiek, halaber, irakasleen artean zeuden harremanak eraldatzea ahalbidetzen digute; esperientziak, materialak eta abar trukatzea erraztuz.
Prozesu hori bideratzeko, irakasleei zuzendutako ELKARREKIN izeneko komunitate
birtual bat jarri da martxan. Komunitate birtual horrek aukera ematen du antzeko
interes, arlo edota irakasgaiak dituzten lankideekin on-line lan egiteko.
